PROIEKTUA: ZER DIRA TERMOGRAFIAK?
[1] Zer dira termografiak?
[2] Konforta balora dezagun
[3] Zer behatu dezakegu termografia baten bidez?
[4] Nola interpretatu ditzakegu termografiak?
[5] Kamera termografikoa
[6] Ikuskapenak aurrera eramateko pausoak
[7] Ondorioak
[8] Aipamenak eta beste lotura batzuk
[1] Zer dira termografiak?
Termografiak, erradiazio infragorrien bidez, erretratatutako gainazalen itxurazko tenperatura erakusten duten irudiak dira. Hauek arlo askotan erabiltzen dira; besteak beste, eraikinen, instalazio elektrikoen, kable eta konexioen estres eta higaduraren ikuskapenetan edota argiztapen gabeko zaintze aktiboan.
Termografien abantailak eraikin eta eraikuntzan
• Ez da teknika suntsitzaile bat.
• Tenperatura zehatzak distantzia a batera neurtzea ahalbidetzen du, aztertzeko objektuarekin inolako kontaktu fisikorik izan gabe. Datu hau eraikin historikoei buruz hitz egitean oso garrantzitsua da.
• Laginak hartzeko urrutiko kokapena posiblea da.
• Termografia infragorria bidimentsionala da, hortaz, gorputz berdin baten bi atalen konparaketa egiteko aukera ematen du.
• Termografiak, aurretiazko azterketa batean, interpretatzen errazak dira.
[2] Konforta balora dezagun
Konforta gizakion bizitzan ezinbesteko elementua da, pertsonen eguneroko ekintzak behar bezala aurrera eramateko oso garrantzitsua baita.
Baina, gure etxeko batez besteko konfortak duen kosteaz jakitun al gara?
Energiaren kostuak gora egiten duen heinean izango al gara? Kafearekin alderaketa bat eginez gero, bero mantentzeko bi modu dauzkagu: kafeontzi batean, beroa etengabe ematen, edo termo batean, beroak alde egitea saihesten.
Eraikitzeko ohiko moduak ez-eraginkortasun termikoa onartzera bideratu gaitu, konforta inolako energiarik kontsumitu gabe lortzea posiblea dela planteatu gabe. Ikuskapen termografiko batek energi kontsumoaren gure ohartzeko modua aldatu gaitzake, baita energia-eralketari buruzko gogoeta eragin ere.
[3] Zer behatu dezakegu termografia baten bidez?
Kamera termografikoak akatsak aurkitu eta identifikatzeko tresna ezin hobeak dira, ikusezina ikusgarri bihurtzen baitute.
Eraikinen ikuskapen diagnostiko baten bidez ondoren azaldutakoak egin daitezke:
• Energia galerak irudikatu eta akastun isolamenduak edo honen gabeziak antzeman.
• Aire ihesak aurkitu.
• Isolamenduan, egituran edota estalkian hezetasunak aurkitu.
• Zubi termikoak zehaztu.
• Ur-filtrazioak aurkitu.
• Eraikuntza akatsak hauteman eta eraikinen lehortzea gainbegiratu.
• Sistema elektrikoan, ur-tutuerian edota berokuntzan matxurak aurkitu.
• Energia fotoboltaiko eta eguzki bilketa sistemetan akatsak antzeman.
• Eraikin birgaitzak informazio baliotsuaz hornitu.
[4] Nola interpretatu ditzakegu termografiak?
Termografiak interpretatzea erraza da: normalean, kolore gorria tenperatura altuei esleitzen diegu eta urdina baxuei. Irudiak kanpotik hartutakoak badira, tenperatura altuagoa den heinean, energia-galerak handiagoak izango dira ere; eraginkortasuna aldiz, baxuagoa. Irudiak barrutik hartutakoak direnean, berriz, kolore urdinak arduratu behar gaitu, barruko tenperatura baxuak konfort galerarekin lotuta baitaude.
1. Energia galerak
Aurrefabrikatutako murruak eta ongi isolatutako estalkia dituzten biltegiek pieza hauen loturetan energia galerak jasan ditzakete. Kasu honetan, aire bero kopuru handi bat horma eta estalkiaren artetik ateratzen ikusi dezakegu. Energia galera hauei aurre egiteko juntura hauek doitu beharko lirateke.
2. Zubi termikoak
Irudiak estalki eta itxitura bertikalaren arteko zubi termiko bat aurkezten du, nondik bere erresistentzia termiko baxuarengatik energia barreiatzen ari den.
3. Akatsak isolamenduan
Barrutiko ikuskapen termikoa. Termografiak horman akastun isolamendua edo honen galera argi aurkezten du.
4. Aire ihesak
Irudiak estalki eta leihoaren arteko aire ihesak erakusten dizkigu. Ihes hauek energia galera, aireztapen arazoak, kondentsazioak etab. dakartzate. Ikuskapena beti presio negatiboa dagoen aldetik egingo da, ahal izanez gero presurizazio metodoaz lagunduta.
5. Hezetasunak
Lurzoruan sortutako hezetasun filtrazioa begi bistaz ikustea ezinezkoa da, baina termografia baten bidez argitasunez antzeman daiteke. Kalte hauek eraikin baten hondatze modurik arruntenak dira. Aire ihesek hormen, sabaien edota estalkien barnean kondentsazioak sortu ditzakete. Isolamendu hezeak lehortzeko denbora luzea behar duenez, lizun eta onddoen garapenerako kokapen nagusienean erraz bilakatu daiteke. Hezetasuna detektatzea zaila izan daiteke. Gakoa eraikuntza tenperatura aldatzean datza, hezetasuna duten materialek polikiago egiten baitute.
6. Eraikuntza akatsak eta aingura arazoak
Altxaera aplakatu baten bista, non estalduraren ainguraketen ikuskapen bat egin den. Ikus-irudian erdiguneko piezen itsasgarritasunaren galera bereizi daiteke. Irudi termikoan, tenperatura baxuagoa duten zonaldeek sostenguen itsasgarritasun maila okerragoa duten eremuak adierazten dituzte.
7. Ur-filtrazioak
Ur-filtrazioak estalki lauetan. Urak beroa beste material batzuek baino denbora luzeagoan mantentzen duenez, bere agerpena kamera termografiko batekin arratsaldeko azken orduetan edo gauean aztertu daiteke, estalkia hoztu baita. Hezetasun guneak konpontzeak estalkiak ordezkatzeak baino aurrezte askoz handiagoa suposatzen du.
8. Eraikinen birgaitzea
Termografiek informazio baliotsuaz hornitzen dituzte eraikinen birgaitzeak. Azpiegiturak bistan jartzen ditu eta kontserbaziorako etapa goiztiar batean eraikinaren hormetan igeltsu-askatzeak aurkitzea errazten du.
[5] Kamera termografikoa
Kamera termografikoa eraikin baten energia galera irudikatzeko dagoen erreminta bakarra da. Metodoa azkarra da eta kamerak ekoizten dituen irudiak, termografiak alegia, argumentu zehatz eta sendoak dira.
Termografia bat materialek igortzen duten erradiazio infragorria jasotzen duen irudi bat da. Honengatik, kamerak irudi radiometriko batean aztertutako gainazalen itxurazko tenperatura azaltzen du. Hortaz, Irudi radiometriko honetan, pixel bakoitza tenperatura neurketa bat da. Helburu honetarako, kamerak sistema optiko bat, infragorrien detektagailu bat, sentsore elektroniko bat eta bideo monitore edo LCD pantaila bat dauzka.
[6] Ikuskapenak aurrera eramateko pausoak
Modu profesional batean egindako ikuspen termografikoak eta termografiak eskuratu eta interpretatzeak esfortzu eta ezaguera gehiago eskatzen dituzte. Eginkizun hauek garestiak dira eta adore eta praktika handiak behar dituzte, baita argazkiak egokiak izateko errazak ez diren hainbat baldintza ere. Besteak beste,
• Haizerik ez egotea.
• Azken orduetan tenperaturan aldaketa garrantzitsu eta zakarrik ez ematea.
• Azken orduetan eraikinak eguzki-erradiaziorik ez jasotzea, ezta euririk ere.
• Ezin da lainorik egon, erradiazio infragorriak islatzen baititu.
• Barru eta kanpoaldeko tenperatura ezberdina izan behar da.
• Eraikinaren eraikuntza sistema ezagutu behar da, baita honek hartu beharreko irudiekiko duen egokitasuna ere.
• Altzariak, koadroak, ispiluak eta beste objektu batzuk hormetatik baztertu behar dira, beroaz isolatzen baitituzte.
• Material ezberdinen emisibitatea ezagutu edo eskuratu behar da eta hartutako irudiek tenperatura egokia azaltzeko (ez itxurazkoa) kameran beharrezko zuzenketak egokitu beharko dira.
• Objektu eta inguruko eraikinen islapen infragorriak saihesten edo txikiagotzen jakin behar da.
• Barru eta kanpoaldearen arteko presio ezberdintasuna sortu behar da eraikinaren iragazgaiztasun gabezia hautemateko.
Zailtasunak eduki arren, analisi termografiko profesional bat dirua aurrezten hasteko erabakirik onena da; batetik patologia ezberdinen jatorri zehatza ezagutzeko, bestetik isolamendu termikoaren akatsak, berokuntza edota eguzki bilketa sistemen funtzionamendu okerraren arrazoia aurkitzeko edo instalazio elektrikoen egoera aztertzeko.
[7] Ondorioak
Termografia ikuskapen teknika ez suntsitzaile eta bidimentsionala denez gero, eraikin eta beste arlo batzuen azterketa egiteko potentzial handia dauka. Konforta gizakion bizitzan ezinbesteko elementua da. Aire ihesek eta horma hotzek konforta galarazten dute. Termografia konfort falta erakusteko gai da. Termografiak aurretiazko analisi batean interpretatzen errazak dira, baina azterketa sakonean egiteak, tituludun termografo bati jotzea eskatuko luke. Eraikinaren konfort maila ezagutzeko, termografiak ez ezik honen azterketa sakon bat ere egitea gomendatzen da; hala nola, eraikuntza xehetasunak behatu, iragazgaiztasunarekin erlazionatutako ahulguneak aurkitzea edo leihoak eta ingurua aztertzea. Gaur egun, bitartekotasun zuzenak eginez, Vitoria-Gasteizen, zero kontsumoko eraikinak lortu ahal dira.
[8] Aipamenak eta beste lotura batzuk
• Termagraf. Guía de termografía para aplicaciones en edificios y energía renovable.
• Termografía Valencia. Termografías en edificación.
• Álava Ingenieros. Tecnología a su medida
• Infrared Thermography's Use in Air Barrier Testing. Scott Wood Associates, LLC
• Publications. Building Science Thermography. Scott Wood Associates, LLC
• Commissiong of Exterior Building Envelopes of Large Buildings for Air Leakage and Resultant Moisture Accumulation using Infrared Thermography and Other Diagnostic Tools. Mario D.Gonçalves, Pierre Gendron, Tony Colantonio.
• Infrared Thermography and The Building Envelope. Roof Consultants Inc.
• Fluke thermal imaging online seminars
• Infrared Thermography and Building Efficiency - presentation by Matthew Knights
• Thermography Code of Practice. Building Thermography. UK Thermography Association.